XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Zer, muturtuta al hago hor barruan?- galdetu zion Clivek pixka bat geroago, zabalik zeukan leihatilatik burua agertuz.

Barre egin nahi izan zuen Gerryk, baina nolabait eutsi zion barruan.

Ezezkoa egin zion buruaz.

Irribarre egin zuen Clivek, eta gero besteei dei egin zien, artean kanpoan ari bait ziren txor-txor.

Ondoko hirian Clivek ezagutzen zuen pizzategi batera joan ziren; bazkalordutik mokaurik egin gabe zegoen arren, Gerry ez zen batere gose.

- Zer, ondo hago?- galdetu zion Clivek geroago, berriro autorantz abiatu zirenean. Oso isilik hago.

- Arratsaldean buruan koskorreko bat hartu diat aitortu zion Gerryk, eta oraindik ez zaidak pasatu.

Buruko minez negok oraintxe ere.

Oraingoan egia zen.

- Sentitzen diat alaiago ez egotea gaur, barkatu egin beharko didazue - esan zion Gerryk.

Patsie eta Poleren atzetik zihoazen halako tarte batera eta farola baten ondora iritsi zirenean, besotik heldu zion Clivek.

- Uztan ikusten zer dunan - esan zion, beregana erakarriz, goiko argiaren distirapean.

- Ez, ez duk ezer - hasi zen Gerry garrantzia kendu nahian, baina berehala isildu egin zen Cliveren atzamarrak goxo eta samurkiro bekokian ilea altxatzen sumatu zituenean.